Close

Francisca Keller

Playa Anchako Unibertsitateko Sormen Guneko zuzendaria

Francisca Keller (1984) txiletar sortzaile bat da, baliabide berriak erabilita proposamen artistikoen eta komunikazio planen bidez berritzeagatik nabarmena. Plangintza eta diseinu estrategikoan espezializatu da: agintari politikoen, erakunde publikoen eta hezkuntza arloko erakundeen zerbitzura jarri ditu, baita goraka ari diren industria sortzaileen zein dagoeneko ezagunak direnen zerbitzura, haiek babesteko. Era berean, hitzaldiak eman ditu Txilen eta handik kanpo, sormenari eta kultura digitalari buruzko jaialdietan, eta demokrazia berri baten sendotzeari eta sistema ekonomiko berrien sorrerari buruz duen ikuspegia zabaldu du.

2014tik aurrera, Playa Anchako Unibertsitateko Errektoretzako Diseinu Estrategikoko Arloan dihardu, Ikerketa, Graduondo eta Berrikuntza Errektoreordetzako Sormen Guneko proiektuen buru. Valparaísoko Egileen Sarearen fundatzaileetako bat da, zeina EAFIT Unibertsitateko Hezkuntza Berriztatzeko Arloarekin batera diseinatutako plataforma bat den – Medellínen dago EAFIT, Kolonbian–, eta lehiaketa publikoetako epaimahaikide izan da, Ekoizpena Sustatzeko Korporazioarentzat eta Arteetarako Merkatuarentzat (Kulturako eta Arteetako Kontseilu Nazionalarentzat), baita Creative Business Cup txapelketan ere, Danimarkan. Halaber, Playa Anchako Unibertsitatearen ordezkaria da Valparaíso Hiri Sortzaile, Jasangarri eta Berritzailea eskualde mailako programa estrategikoko zuzendaritzan.

Kultura digitalaren, berrikuntzaren eta hiri laborategien esparruko funtsezko eragileekin lan egin du, Latinoamerikan, herritarrek parte hartzeko plataformak eta crowdsourcing plataformak garatzen, eta, berriki, Txileko Gobernuak Medialab-Prado laborategian (Madrilen) Komunikazio, Kultura eta Herritartasun Digitala masterraren esparruan egonaldi bat egiteko babestu du: Graduondoko eta Berrikuntza Publikoko Nazioarteko Zentroaren diseinu estrategikoari aplikatuko zaio ikerketa hori –Montevideo Taldeko Unibertsitateen Elkarteko Latinoamerikako 32 unibertsitate biltzen ditu proiektu horrek–.

%